Herrialde osoko lindanoa desagerrarazteko plan bat egin dezala eskatu dio Ekologistak Martxan taldeak Espainiako Estatuko Gobernuari.
70 eta 80ko hamarkadetan, Espainiako Estatuko hainbat herritan, bereziki Barakaldon (Bizkaian) eta Sabiñanigon (Huescan) ekoiztu izan zen pestizida arriskutsu eta iraunkor bat da lindanoa. Hondakin horien kudeaketa arduragabea izan zen; ondorioz, penintsulako hainbat tokitan, batez ere, sortzen zen udalerrien ingurunean, ia kontrolik gabe zabaldu ziren.
Ekoiztu eta erabiltzeari utzi zitzaionetik zenbait hamarkada igaro diren arren, duen izugarrizko iraunkortasunak lurzoruetan eta uretan agertzea eragiten du. Oiolako urtegia da adibide argi bat. Nahiko erregulartasunez aurkitu da lindanoa bertan; horregatik, duela urte batzuk herriak hornitzeko erabiltzeari utzi zitzaion. Ingurumenean eta ekonomian eragin handia izan zuen azpiegitura hidrauliko erraldoia da, eta orain, ez du inolako baliagarritasunik.
2019an, Euskal Herriko eta Huescako basoetako egurraren laginak jaso zituzten Ekologistak Martxan eta Ecologistas en Acción taldeek, hurrenez hurren; izan ere, eremu horietatik gertu isurtzen ziren lindanoa ekoizteak zekartzaten hondakinak. Laborategi batera eraman zituzten aztertzeko, eta hainbat laginek lindano kontzentrazio handiak zeudela adierazi zuten: 3,64 mg/kg Enekurin (Bilbo inguruan), 6,47 mg/kg Jatan (Armintzan, Bizkaian) eta 0,94 mg/kg Sabiñanigon (Huescan). Baso horietako batzuk zura ekoizpenera bideratuta daude; beraz, banatutako materialak oso toxikoa eta iraunkorra den konposatu bat edukiko luke. Gainera, baso horietan sute bat gertatuko balitz, fosgenoa sortuko litzateke, hau da, Lehen Mundu Gerran erabilitako gas pozoitsu bat.
Lortutako emaitzak oso kezkagarriak dira, Estatuko zenbait tokitan lindanoak eragindako kutsadura handiaren isla baitira; izan ere, Euskal Herrian eta Aragoin ez ezik, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Madril, Galizia, Katalunia eta Andaluzian ere aurkitu dira pestizida horren hondakinak. Halere, Espainiako Estatuko Gobernuak ia ez du ezer egin egoera hori zuzentzeko.
Horregatik guztiagatik, Ekologistak Martxan taldeak premiazkoa deritzo Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak dauden lindano hondakinak erabat desagerrarazteko plan bat egitea eta abian jartzea.!