- ‘Autoa konfinatzearen’ alde egiten du Ekologistak Martxan taldeak; ondorioz, espaloiak eta bidegorriak zabaltzeaz gain, autobus lineen maiztasuna handitu beharko litzateke
-
Bultzada ekonomikoa AHT edota Supersur bezalako lanak mantentzeera ordez, herritarren beharrak asetzera bideratu behar dela gogorarazi du elkarte ekologistak
Etortzear dauden hurrengo leuntze faseei begira, kutsatze berriak saihesteko ezarriko den urruntze fisikoa erronka izango da hiriaren antolakuntzan. Horren aurrean, espazio publikoa eta bizikletaren erabilera sustatzearen alde egiten du Ekologistak Martxan taldeak, garraio publikoak funtsezko eginkizuna betetzen jarraituko duela ahaztu gabe.
Ondorioz, ‘normaltasuna’ berreskuratzeko ezin dela betiko erabakiengana jo ohartarazi du; hala nola, Renove planen bidez autoa sustatzea. Horren ordez, mugikortasunaren iraunkortasuna hobetuko luketen irtenbide alternatiboak bilatu behar dira, eraginkortasunari uko egin gabe.
Agiri batean, elkarte ekologistaren Garraio Batzordeak ‘autoa konfinatzearen’ alde egiten du. Ezarritako 2 metroko distantzia bete ahal izateko, espaloiak zabaldu ez ezik, errepide batzuk oinezkoentzat ere egin beharko lirateke. Halaber, “auzoen eta hirien arteko mugikortasun aktiboa erraztuko duen motordun ibilgailurik gabeko bide-sare bat eraikitzea” zein garraio publikoaren lan-eskaintza handitzea, maiztasuna gehituz, batez ere, autobusena, eskatu du. Azkenik, “garraio publiko bakoitzean libre dauden plazei buruzko informazioa denbora errealean” emango dituzten zerbitzu telematikoak abian jartzea proposatu du.
Berrogeialdiak pertsonen ekonomia kaltetu du; beraz, erakundeen laguntza beharko dute gogorarazi du Ekologistak Martxan taldeak. Hori dela eta, Gobernuak azpiegitura handietan inbertitzea salatu du elkarteak. “Ez du inongo zentzurik azpiegitura plan bati eusteak, are gutxiago horietako asko garestiak izateaz gain, zaharkituak jaiotzen direnean. Ez du inongo zentzurik kilometro bakoitzeko 47 milioi kostatzen ari den Supersur handitzearen obrari dirua bideratzeak, eskariaren %40ra ere ez duenean iristen (are gutxiago etorkizunean). Eta ez du inongo zentzurik ere, Abiadura Handiko Trena lehenestea, erabiltzaile-profila errenta ekonomiko altuko pertsonak izango direnean”, azpimarratu du.