Bolintxuren aldeko manifestazioa Bilbon zehar

Proiektuak Ingurumen Eraginaren Adierazpena iraungita dauka, baita auzitegietan errekurtsoa aurkeztuta ere azpimarratu du Supersur Handitzeari Ez! plataformak

Proiektua gelditzea posible da oraindik’ lelopean, mila lagun ibili dira Bizkaiko hiriburuko kaleetan Supersur handitzeko proiektuari amaiera emateko eskatzeko. Orain arte egindako obrek dagoeneko 15 hektarea baso suntsitu dituzte Seberetxe inguruan, Interes Komunitarioko hainbat habitat barne, eta bide hori jarraituz gero, Bolintxuko haraneraino iritsiko dira, hadu da, Pagasarriko mendiguneko harribitxira.

“Gai honetan ingurumenarekiko sentsibilitatea zuela esan du Foru Gobernuko taldeak, baina aldi berean, handitze-proiektuko Inpaktu Txostenaren ondorioak ez dizkie herritarrei erakutsi. Neurri zuzentzaileak ezarri arren, Bolintxu errekako uretan, haraneko drainatze-sarean, baita arriskuan eta babestuta dauden bertako flora eta faunan ere izango duen eragina larria izango da, eta soinu eta argi kutsadura asko handituko dira. Ondorioz, urteak beharko dira berreskuratzeko, inoiz gertatzen bada”, azpimarratu dute Bilboko Udaletxearen aurrean irakurritako adierazpenean.

Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena 2017tik iraungita ez ezik, auzitegietan errekurtsoa ere jarrita dauka proiektuak. Hori dela eta, lanak geldiaraztea aldarrikatu du Supersur Handitzeari Ez! Plataformak. “Aldundiak ezkutatu nahi izan duen egoera irregularra da”, azpimarratu du elkarteak. “Tarte labur batean prozesu atzeraezin batekin topo egin dezakegu, eta auzitegiei entzun gabe, gainera”. Hortaz, “epai bat egon arte” proiektua eten egiteko eskatu du.

Proiektuaren aurkezpenean Bizkaiko Foru Aldundiak emandako, eta bete ez diren, zifrak gogoratu ditu plataformak. “2005ean, egunero 41.000 ibilgailuko joan-etorria iragarri zuten zalaparta handiz. Aurreikuspen hori berehala erdira murriztu zuten. 2018an, 10.000 auto eta kamioi baino gutxiago ibiltzen zirela erakutsi zuen errealitateak. Beste modura esanda, porrot galanta. Horiek dira Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatu duen Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidearen, Supersur izenez ezagunaren, datu gordinak. Horrek diru-kutxa publikotik etorri diren 821 milioi euro balio izan du, ibilbidea handitzeko beste 187 milioi gehitu behar zaizkiola ahaztu barik“, gogorarazi dute.

‘Bolintxu Bizirik’ eta ‘Super Surik ez! oihuen artean, mila pertsona inguruk babestu zuten plataformaren eskaera, besteak beste, EHBildu eta Podemos alderdietako ordezkariek; baita CCOO, Steilas eta ESK sindikatuetakoek ere. Beste hainbat eragile eta elkarte ere manifestazioan egon ziren; hala nora, Berri Otxoak, Komite Internazionalistak, M15M Bizkaia, La posada de los abrazos, Madres por el clima, Errekaldeko Gazteleku, Sare Antifaxista, Ernai, Sukar Horia, Gune Ekosozialista, Eguzki, Autopista Errekaldetik Kanpora, Bizilur, Aixemendi Taldea, Errekaldeberri Auzo Elkartea, Izate Asociación Medioambiental… Guztiek Supersur Handitzeari Ez! plataformaren adierazpenara atxiki dira.

BOLINTXU BIZIRIK

PLATAFORMA SUPERSUR AMPLIACIÓN EZ!

 

  • Twitter
  • Facebook