40 talde ekologistek eta arloko hainbat elkarte eta enpresek osatutako Plataformak, bertako basoaren berreskuratzearen alde lan egiteko proposamena aurkeztu du gaur “Kolore Guztietako Basoak” izenpean. Proposamen honek EHUko 3 departamentuen babesa jaso du, baita kultura zein akademia arloko 50 pertsona baino gehiagorena ere.
Proposamen honen helburua, basoen kudeaketa publikoan aldaketa esanguratsua sustatzea eta Bizkaiko “bertako basoa” berreskuratzea da, izan ere, kontserbazio egoera larrian aurkitzen baita.
———-
Komunikatua
Bakoitzari berea. 1947an Radiata pinua lenenengoz Bizkaira heldu zenetik, asko dira euren baserrietako teilatu eta etxebizitzen diru-sarrerak zuhaitz horiek moztuta ordaindu dituztenak. Mende eta erdi beranduago, Kalifornian, zuhaitzaren jatorrizko lurraldean, pinuen hedadura 4.000 hektareakoa da; aldiz, Bizkaian landaketek 70.000 hektarea hartzen dituzte, baso eremuaren %53 hain zuzen ere. Gainera, azken urteetan, pinu egurraren prezio jaitsiera dela eta, monolaborantza sail hauetan beste zuhaitz mota bat landatu dute, eukaliptoa.
Landaketa eremu horietako zuhaitz guztiak, espezie eta adin bakarrekoak, batera mozten dituzte (pinuak 35 urte pasata eta eukaliptoak 15 urte pasata), baita oihanpea ere. Komunitate zientifikoaren gehiengoa bat dator esatean hauek ez direla jatorrizko basoaren sinplifikazioa baino. Datuok landaketa horien gehiegizko hedaduraren, eta ekonomia eta ingurugiro mehatxaturen erakusgarri dira.
Landaketa horiek ingurugiroan eragiten dituzten ondorio larrienak animalia eta landareen bioaniztasunaren gutxitzea eta baso lurren emankortasunaren gutxitzea dira. Frogatuta dago baso lurretako bioaniztasunaren gutxitzeak alde batetik, atmosferako CO2aren xurgatze gaitasuna txikitzen duela; eta beste alde batetik zuraren produkzioa ere txikitu egiten duela. Lurraren geruza organikoa izugarri txikitu da; izan ere, egur uzta arraseko mozketa eta basosoilketa bidez biltzen da; eta horri, lurraldearen ezaugarri maldatsuak, euriteak eta makineria pisutsuak eragindako kalteak gehitu behar zaizkio. Geruza hori funtsezkoa da garapen begetalarentzat; gainera, denbora laburrean degradatu daiteke, baina mendeak behar ditu garapenerak. Ez da harritzekoa, beraz, pinuak dauden lursail askotan, landatutako zuhaitzen hazkuntza gelditzea, hainbat izurriteren ondorioz edo flora inbaditzailearen konpetentzia dela eta.
Ekonomiaren ikuspuntutik, radiata pinuarekiko dependentziak erakusten duena da egungo osasun edo prezio krisiak basogintza sektorearen dekadentzia eragin dezakeela. Horregatik, proposamen honen ardatzetako bat da produkzio aniztasuna sustatzea, produkzio intentsiboak ingurugiroan eta ekonomian eragindako ondorioak zuzentze aldera.
Txanponaren beste aldean Bizkaiko bertako basoak daude: hariztiak, baso mistoak, erkameztiak, haltzadiak, artadiak eta pagadiak. Baso eremuaren %24, 5 baino ez dira; askotan zatikatuak eta aldatuak. Hau guztia Bizkaiko basoek bizi duten erabateko krisi egoeraren adierazgarri da. Bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak ez dio arazoari heltzen eta aurrera darrai, baina berehala zuzentzen ez badugu ekonomian eta ingurugiroan ondorio larriak ekarriko ditu.
KOLORE GUZTIETAKO BASOAK proposamena Bizkaiko norbanako, enpresa, entitate eta elkarte
batzuek sortu dute eta zera eskatzen diote Bizkaiko Foru Aldundiari basoaren kudeaketaren norabidearen inguruan:
1. Baso lur publikoen kudeaketa ekologikoagoa izatea:
a. Bertoko baso eremuak birsortu eta handituko dituena, basoen arteko zuloak beteko dituena eta baso osasuntsu eta handiagoak sortuko dituena.
b. Produkzio aniztasuna bultzatuko duen naturatik gertuko basogintza. Europako herrialde batzuetan dagoeneko garapen handia duen basogintza mota da, eta bertoko espezieak ustiatuz kalitatezko egurra errentagarria dela frogatu da.
Basosaoiltzerik egin beharrik gabe eta biodibertsitatea eta lurraren emankortasuna berreskuratuz. Kalitatezko egurraren Europako eskaera handiagoa da bertan produzitzen dena baino, eta horrek esan nahi du suntsitze bidean dauden basoetatik ekartzen dela.
2. Basogintzarako laguntzen birbideratzea: basosail jabedunei laguntzea euren lursailetan ekimenak proposatutako bi bideetako bat martxan jartzea erabakiz gero.
Kontaktu posta elektronikoa: koloreguztietakobasoak@gmail.com
BIDEOAK