Urdaibaietz plataforma ekologistaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak ausarkeriaz jokatu du hainbat puntutan legezkotasuna urratuta.
Joan den urtarrilaren 30ean, Urdaibaietz plataforma ekologistaren legezko ordezkariek helegitea jarri zuten Eusko Jaurlaritzak 2016ko iraileko hauteskundeak eta bi egun geroago onartu zuen dekretuaren kontra, jarduneko zegoenean onartu ere, hau da, Eusko Legebiltzar berria oraindik eratu gabe. Urdaibaietzek eskaera egin dio Auzitegiari zuhurtasunezko zigorra ezar diezaion Dekretuari, kontuan hartuta Urdaibairi dakarzkion ondorio txarrak -batzuk konponezinak- eta herritarren interes orokorrak ere kaltetzen dituela. Gogora dezagun biosfera erreserba hau Autonomia Erkidegoko interes handieneko natur gunea dela. UNESCOk 1984an Gizateriaren Ondare izendatzeaz gain, nazioartean oso garrantzitsuak diren hezeguneak ditu, Ramsar Hitzarmenean jasoak, bai eta Kontserbazio Bereziko lau Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (BBE) bat ere Europako Batasuneko Natura 2000 sarean.
Urdaibaietz plataformaren ustetan, Eusko Jaurlaritzak modu subertsiboan eta ausarkeriaz jokatu du hainbat puntutan legezkotasuna urratuta. Hain zuzen, Auzitegiak helegitean jasotako argudioen sendotasun juridikoa hartu du aintzat:
-
EJk ez du egin aldez aurreko eta nahitaezko Ingurumen Inpaktuaren Baterako Ebaluazioa.
-
Ez du egin nahitaezko Ingurumen Baliabideen Antolamendurako Plana.
-
Urdaibai Babesteko Legeak ezarritako Babes Eremuak babesik gabe utzi ditu. Orain, eremu horietan baimentzen diren erabilerek haien kontserbazioa edo birsortzea eragozten dute.
-
KBE eta BBE eremuei buruzko araudia indargabetu eta babes-maila txikiagoko beste batekin ordezkatu du.
Araudi horrek, indarrean zegoena ordezkatu eta eguneratu behar zuenak, Urdaibai Babesteko Legea garatzeko (gogora dezagun lege hori aho batez onartu zutela alderdi guztiek 1989an), helburu hau izan behar du: “Ekosistema guztien osotasuna babestea eta haien leheneratzea sustatzea, izadiaren, zientziaren, hezkuntzaren, kulturaren, aisialdiaren eta gizarte-ekonomiaren aldetik duten garrantziagatik” (Urdaibai Babesteko Legearen 1. art.). Horrez gain, oinarria izan behar du eskualdeari begira garapen iraunkorreko eredua bultzatzeko, zeinak kontserbazioa eta baliabideen erabilera bateragarri egingo dituen.
Alabaina, Eusko Jaurlaritzak onarturiko dekretuak “nahierara egindako” esparru juridikoa eskaintzen du, Urdaibai Babesteko Legearen jatorrizko espiritua eduki barik lagata. Araudi horrek ez du modu integralean bermatzen natur, paisaia, gizarte eta kultur balioen kontserbazioa, eta ez du sustatzen garapen iraunkorreko eredua Urdaibairako. Alderantziz, agiri iluna da, sarri ulergaitza, hirigintza-plan bat balitz bezala sortua, eta gehiago dirudi egina norbanakoen interes jakinak asetzeko herritarren interes orokorrei erantzuteko baino.
Horrenbestez, gure aburuz, Dekretua baliogabetu egin behar da, eta beste testu bat sortu, logikoa denez eguneratzea ekarriko duena (indarrekoa 1983koa zen), baina ingurumen eta jendarte aldetik eredu iraunkor eta justua bultzatuko duena, baliabideen ustiapena eta kontserbazioa bateragarri eginda, lehentasunez autoardaztua eskualdeko baliabideen aprobetxamenduan, bertako herritarren beharren asebetetzean eta ekosistemen eta beren berezko balioen kontserbazioan. Prozesu horretan, euskal administrazioen babesa eta jarrera proaktiboa funtsezkoak dira, herritarren parte-hartzea bezala. Hain zuzen, hortxe gaude prest elkarlanean aritzeko.
Urdaibaietz Herritar Plataformako kideak: norbanakoak nor bere izenean, Ekologistak Martxan, Gernikako Ekologi Lantaldea/Taller de Ecología de Gernika, Lanius Bilboko Elkarte Ornitologikoa, Txipio Bai eta Zain Dezagun Urdaibai.