Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia egingo du gaur, Legebiltzarreko kontrolerako osoko bilkuran. Eusko Jaurlaritza gure lurraldean gasa erauzteko haustura hidraulikoa ezartzearen alde dagoela adieraziko du bertan.
Nahita anbiguoa den diskurtsoa
Euskadin fracking-a gehien bultzatu duten eragileetako bat izan arren, EAJ diskurtso anbiguoa erakustera jostatu izan da beti. Horren haritik, jeltzaleen kupulak beti erabili izan du ingurumen-legeria argudio gisa. Izan ere, alderdiaren ustez, araudiak zeharo babesten du ingurumena. Izatez, ez du “inolako egoera arriskugarririk antzematen haustura hidraulikoaren erabileran”.
Hala ere, fracking-a ezarri izan den tokietan efektu negatibo ugari azaleratu dira: lurraren eta akuiferoen kutsadura atzeraezina; osasun-arazoak; metano-igorpenak atmosferara; lurrikarak; produktu toxikoen isurketak; istripu larriak produktu horiek baliatzean; lurraldearen degradazioa; arazo sozial eta ekonomikoak… Onura bakarra enpresek poltsikoratzen duten dirua da, are diru publikoa ere.
Ekologistak Martxanen iritziz, hain kutsagarria den teknika baten aurrean, ez dago pertsonak eta ingurumena babestuko duen ingurumen-araudirik, erabateko debekua izan ezik.
Gainera, Ekologistak Martxanek ohartarazten du Eusko Jaurlaritzak ingurumen-araudia aldatu berri duela eta Parke Naturalen eta bestelako gune interesgarrien babes-maila murriztu.
HEL: herritarren borondatea, isilpeturik
Fracking-aren aurkako Euskadiko plataformek aurkezturiko Herri Ekimen Legegileak 100.000 sinadura baino gehiago bildu ditu sei hiletan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, fracking-a debekatuko duen lege bat onartzearen alde.
Gaurko agerraldian, Urkulluk insistitu egingo du “Jaurlaritzak ez duela oztopatuko Herri Ekimen Legegileari buruzko eztabaida Legebiltzarrean”. Baina parada horretan baliatuko duen argudioa hau izango da: Auzitegi Konstituzionalak antzeko ekimenak baliogabetu dituela.
Ekologistak Martxanek argi du argudio hori aitzakia bat baino ez dela, fracking-aren alde modu irekian erakutsi behar ez izateko.
2015eko aurrekontuek fracking-a bultzatuko dute
2015eko aurrekontuen proiektuan ikus daitekeenez, Euskadiko Hidrokarburoen Sozietateak (SHESAk) hainbat ikerketa burutuko du, Euskadin haustura hidraulikoa ezartze aldera, zehazki, Enara, Usoa, Usapal, Mirua eta Saia baimenei dagozkienak.
Hartara, argi geratzen da Euskadi iraunkortasunera eta ingurumenaren aldeko benetako konpromisora bideratuko duen eredu energetiko baten aldeko apustua egin ordez, Eusko Jaurlaritzak baliogabeko eredu batean sakontzen jarraituko duela, aldaketa klimatikoa areagotuko duen eredu kutsagarria, erregai fosiletan oinarritua.
Lakuak azkenaldian gauzatu dituen mugimenduak salatu nahi ditu Ekologistak Martxanek, bereziki, fracking-a bultzatzen ari diren enpresekin izandako bilerak eta argitaratu dituen adierazpenak. Ekintza horien bitartez, fracking-a gure ekonomia hobetuko duen eta enplegua sortuko duen negozio gisa aurkeztu nahi du haustura hidraulikoa. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da: nekazaritza eta abeltzaintza, gure ingurunea eta herritarren osasuna modu konponezinean kaltetu ditzake.
Azkenik, energia berriztagarrietan, energia-kooperatibetan eta kontsumo energetikoaren murrizketan oinarritutako eredu energetikoaren alde egiten duela berretsi nahi du Ekologistak Martxanek.