Joan den urriak 12, Ekologistak Martxan eta Bilboko Talde Antimilitaristako (KEM-MOC) kideek BBVA salatzeko flashmob bat egin dute bankuaren Plaza Biribileko egoitzaren aurrean.
Flashmobean dantzan aritu dira banpiroz mozorrotutako zenbait bankari; BBVAko bankariak ziren, haien benetako gizarte-bizkarroi aurpegia erakutsita. Gustukoen duten musika dantzatu dute: Lurra suntsitzearen kontura irabazitako diruena, heriotzarena eta pertsonen ezinegonarena.
Eta ohi bezala,eta halako egun seinalatuan, Armadaren egunean, militar-talde batek defendatu ditu bankariak, eta ez dute zalantzarik egin haien papera zalantzan jartzen zituztenak fusilatzeko. Fusilamendua gertatzen zen bitartean, tiroketa eta bonben artean, argi entzuten zen BBVAren eraikinetik: “odola, odola!”, bankari banpiroen elikagai nagusia. Eta, hara miraria!, BBVAren plazako iturriaren ura gorri biziz tindatu da.
BBVA da ingurumena kaltetzen duten proiektu gehien finantzatzen dituen banketxeetako bat , eta armagintza-industria gehien laguntzen duena.
Ekologistak Martxan Taldetik eta Bilboko Talde Antimilitaristatik (KEM-MOC) jarraituko dugu salatzen gerrak finantzatzea, Lurra suntsitzea eta, oro har, benetako beharrizanei erantzuteko proiektuak ez eta gizarte-beharrak zapaltzen dituzten proiektu erraldoiak egitea. Eta dantzan eta kantuan salatuko ditugu, gaurko egunean bezala.